Lehengo egunean, Chrysallisen eskutik jasotako hitzaldia oso baliagarria iruditu zitzaigun. Izan ere,
aniztasuna beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera eman zigun. Gaurkoan protagonismoa izango
duen gaia, transexualitatea, erabat estalia eta ezkutatua izan da gaur egun arte eta tamalez, oraindik
ere ez da guztiz normalizatu. Duela urte gutxi bazirudien transexualitatea gaixotasuntzat eta ez
ohikotzat ulertua zela, baina gaur egun, zorionez, poliki bada ere, ikuspegi hau aldatzen doa.
Hitzaldi honetan, transexualitatearekin erlazio desberdina zuten bi pertsonen ahotsak entzuteko
aukera izan genuen. Biek oso gertutik bizi zuten errealitate hau, bat neska transexual baten aita zen
eta bestea berriz, duela urtebete bere genero identitatea aldatu zuen mutila. Bi pertsona hauek euren
eguneroko bizipenetatik abiatuz kontatu ziguten euren istorioa. Beraz, izugarri aberasgarria izan zen
errealitate hau horren gertutik ezagutzea.
Errealitate honek atzean dakartzan oztopo eta hesi guztien berri eman ziguten. Izan ere, gizarte
patriarkal eta bidegabe honek ezarritako eskemak izugarri mugatuak dira eta gizarte honek
“normaltzat” duena ere erabat mugatuta dago, inguruko milaka eta milaka errealitate gizartetik at
geratuz eta zapalduak izanik.
Gaur egungo transexualitatearen inguruko egoeraren berri eman ostean, bi hizlariek kalitatezko
hezkuntza premiaren garrantziaren inguruan hitz egin ziguten. Hau da, hezkuntzak egoera honi aurre
egiteko duen botereaz eta indarraz. Ideia honen harira, haurrak entzutea ezinbestekoa dela azaldu
ziguten eta horretarako, beharrezkoa dela haurrentzat arnas gune bat sortzea, non entzunak,
ulertuak eta maitatuak sentituko diren. Bestalde, irakasleon eta eskola komunitate osoaren
formakuntza eta inplikazioa izugarri garrantzitsuak direla ere azaldu ziguten, errealitate hau ahalik eta
ondoen tratatzeko eta nola ez, errealitate hau aberastasun iturritzat hartzeko.
Horrez gain, haurrei txikitatik errealitate desberdinen berri eman behar diegu eta hauek gizarteak
inposatutako estrukturetatik at hezi behar ditugu, beraiek baitira beren buruen jabe. Horregatik,
denbora igaro ahala, euren identitatea eraikitzen joango dira, euren burua ezagutuz.
Honako gai hauek gelan jorratzeko ipuinez, antzerkiez…baliatzea interesgarria izan daiteke haurrek
eredu anitzak daudela ikusteko eta aldi berean, egunerokotasunean bizi diren egoerez jabetzeko.
Hausnarketari amaiera emate aldera, honako ideia hau azpimarratu nahi genuke. Jakin badakigu,
hezkuntzak ezin duela gaur egungo egoera alde batetik bestera eraman, hau da, hezkuntzak ezin
dituela gizarte honetako arazoak errotik konpondu. Hala ere, badu halako botere eta indar bat gaur
egungo errealitatea hobetzeko eta gizarte justuago bat lortzeko. Hori dela eta, gizarteko biztanle
guztiok, eta batez ere hezkuntzaren parte garenok, ez dugu gizarteak ezarritako sareetan jausi behar
eta mundua ulertzeko dugun begirada zabaldu behar dugu errealitate guztiak onartuz eta hauek
errespetatuz. Horretarako, ezinbestekoa da eskola komunitate osoaren elkarlana, formazioa eta
inplikazioa. Hau bermatu ezean, nekez lortuko baititugu gizarteko biztanle guztion eskubide duinak
eta kalitatezko bizitza.
Comentarios
Publicar un comentario